2009-07-29

Txipiroiak saltsa beltzean

Bihar, uztailak 30 hasiko dira festak, eta abuztuaren 2an bukatuko dira. Familiarekin ibiliko gara gehienbat eta zerbait bazkaldu eta afaldu behar izaten dugu. Denon artean prestatzen ditugu jakiak eta ondo konpontzen gara.
Atzo prestatu nituen txipiroiak saltsa beltzean. Oraingoan txipiroi handiak erosi nituen, eta eltze azkarrean prestatu, zeren txikiak erosi eta banan-banan betetzeko denborarik (eta gogorik) ez nuen.

Ona hemen erabili beharreko osagaiak:

                   

Olioa, pare bat tipula, 4 ogi zati txiki (bezperakoak izatea berdin da), gatza, txipiroiak (3 handi kasu honetan) eta tinta piskat (txipiroiek baldin badute, berau aprobetxatu, goxoago ateratzen dira).

Nola egin ditut:
Lehenengo eltzean olioa jarri eta ogi puskak frijitu eta geroxeago erabiltzeko gorde.
Ondoren, tipulak txikitu juliana erara eta oliotan biguntzen jarri.
Tipula biguntzen ari den bitartean garbitzen ditut nik txipiroiak (denbora aprobetxatzeko...). Garbitzerakoan daukaten tinta kendu eta gorde katilu txiki batean, gero erabiltzeko. Edukiko ez balute poltsatakoa erabiliko genuke.

Puska handitan moztu txipiroi garbituak eta eltzera bota tipula bigunduaren gainera.

                         

Gatza bota eta itxi eltzea eta sutan jarri.
15 minutu pasatakoan ireki eltzea eta atera puska handiak plater batera. Tipula eltzean gelditzen zaigu oraindik, eta bertara botako dugu txipiroien tinta. 10 minututan eduki sutan, pegatu ez dadin kontuz ibili, eta ondoren bota tipula guztia tintarekin eta lehen frijitutako ogi puskekin ontzi batera, bertan irabiagailuarekin (batidorarekin) dena xehe-xehe egiteko.


Gelditzen zaigun bakarra txipiroiak eta saltsa xehetua bateratzea da. Nik lehen egindako puskak gehiago txikitzen ditut, hala gustatzen zaidalako, baina bakoitzaren gustoaren arabera gelditzen da hori.
Saltsari pipermin txiki bat sartuz gero beste "punttu" bat ematen zaio.

Eta hemen dago emaitza:


Orain izozkailuan dago.

On egin!!

1 iruzkin:

  1. Badakizu ni oso sukaldari ona naizela, eta hurrengo batean txipiroiak horrela egiten probatu behar dut. Andremaixetan edo. Emango dizut experimentuaren berri.
    On egin eta ondo pasa!!

    ErantzunEzabatu

Zure oharrak jasotzeko prest nago...